Duela 40 urte fusilatu zituzten…
Berria.- 2015.09.18
Hodei Iruretagoiena
Txiki eta Otaegi gogoan, «Euskal Herriaren korapiloak askatzeko»
Ekitaldi politiko bat antolatu dute Zarautzen hilaren 27rako, frankismoko azken fusilamenduen 40. urtemugan. Bi fusilatuen «konpromisoa gaurkotzearen garrantzia» nabarmendu dute

Euskal Herriko politikariei mintzatu zaizkie Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegiren senideak eta memoriaren arloan lanean ari diren lau elkarte, frankismoko azken fusilamenduen 40. urteurrenean. «Ez utzi beste 40 urte alferrik pasatzen. Hamarkadetako gatazka gainditzeko aukera historikoak irtenbide politikoa exijitzen du, askatasuna, egia eta memoria kolektiboa uztarturik». Frankismoaren amaieran bezala, gaur egun ere «1975eko bidegurutzean» ikusten dute Euskal Herria, eta horrek irtenbide politiko bat behar duela uste dute: «Pertsona guztien eskubide guztiak eta herritarron borondatea errespetatzea».
Donostian egindako agerraldian eman zuten atzo senideek, Egiari Zor fundazioak eta Goldatu, Intxorta 1937 eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteek ekitaldiaren berri. Han izan ziren, elkarteetako ordezkariez gain, Perdi Paredes, Txikiren anaia eta Mertxe Urtuzaga, Otaegiren lehengusua. ETAko bi kideak eta FRAPeko Xose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez-Bravo eta Ramon Garcia hil zituzten egun berean egingo dute omenaldia, irailaren 27an, Zarauzko (Gipuzkoa) Aritzbatalde pilotalekuan, 13:00etan. «Memoriaren eta bakearen eta demokraziaren» aldeko jarreraren isla izango da leloa ere: Egia bide, askatasuna amets.
Ekitaldia antolatu duten lau elkarteek ez ezik, Frankismoaren Aurkako Euskal Plataformak ere babestu du aurtengo deialdia. Maria Servini epaileak hogei pertsona atxilotzeko agindua eman zuen iaz, frankismoko krimenen aurka gidatutako Argentinako kereilaren barruan; haietako lauri egotzi zien Txiki eta Otaegi fusilatzeko gerra kontseiluetan parte hartzea eta zigorrak baliozkotzea.
Orain 40 urte bezala, «demokraziaren eta bakearen» aldeko urratsak egiten jarraitu beharra dagoela iritzi diote senideek eta memoria elkarteek. Orduko gisan, orain ere «erreformaren erreforma, edo [Espainiako] estatuaren benetako demokratizazioa» dago jokoan, haien hitzetan. Horregatik, prozesu demokratikoaren alde ekiteko garaia dela diote, bai Espainiako Estatuan, bai Euskal Herrian. «Historiaren irakaspenak» kontuan hartu beharra daudela azaldu dute, gaur egungo egoera 1936ko altxamendu militarrak eragindako «zaurien» ondorioa ere badela gogora ekarrita. «Galtzaileen oldarraldia» etorri zen gero, eta Txiki, Otaegi eta frankismoaren aurka borrokatu ziren guztiak «oldarraldi haren kume» direla azaldu dute. Bide horretan, haien «konpromisoa hartu eta gaurkotzearen garrantzia» nabarmendu dute, «Euskal Herriak egun dituen erronkak eta korapiloak askatzeko baliagarria delako».
Deialdi ugari egunotan
Zarauzkoa ez da izango azken fusilamenduen eta Gudari Egunaren bueltan antolatutako ekitaldi bakarra. Atzo, gertakari horiek ardatz hartuta osatutako Mañana cuando me matenliburua aurkeztu zuen Carlos Fonseca kazetari eta idazleak, Bilbon eta Donostian. Azpeitian (Gipuzkoa), erakusketa ibiltaria egongo da ikusgai datorren astean, eta Haizea eta sustraiakdokumentala emango dute irailaren 24an, 21:30ean, Sanagustin kulturgunean. Hurrengo egunean, ostiralez, hitzaldia izango da 12:30ean, udaletxe azpian. Madrilen ere oroituko dute urteurrena, irailaren 26an, ekitaldi batekin. Gudari Egunaren harira, manifestazioa dute Iruñean, hilaren 27an, Oroimena eta askatasuna lelopean, Vinculo plazatik abiatuta (18:00).
Utzi iruzkina